Frantziako jarrera berriz ere hizpide Nazio Batuen Erakundean



Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeak antolatuta Gutxiengoen Aferetarako II. Foruma egiten ari da Genevan azaroaren 12an eta 13an. Bostehun pertsona baino gehiagok hartu du parte, besteak beste, Nazio Batuetako Batzordeetako kideak, Estatuetako Gobernuetako ordezkariak eta gobernuz kanpoko erakundeak. Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok parte hartu du batzar honetan.

 

Izan ere, 2007ko irailean Behatokiko ordezkariak Parisen bildu ziren Nazio Batuen erakundeko Gutxiengoen Aferetarako Aditu Independente Gay McDougall andrearekin, eta bertan jakinarazi zioten zein zen Frantziako Estatuak hizkuntza gutxiagotuekin zuen jarrera. “Urte bete beranduago Adituak argitara emandako gomendioek Frantziako Estatuari jarrera aldatzeko eskatu zion, eta nazioarteko itunak behar bezala berresteko adierazi zion” azaldu du Bilbaok.

 

Hori horrela izanik ere, Behatokiak foroaren aurrean salatu nahi izan du Frantziako Estatuak muzin egin diela gomendioei: “Frantziako Gobernu jakobinoari ez dio axola zeinek egiten dizkion gomendioak, aurten ere Umeen Eskubideen Batzordeak gutxiengoen aitortza egiteko eskatu arren, ez dio jaramonik egin” agertu du Bilbaok.

 

Behatokiko zuzendariak azpimarra jarri nahi izan du gurea bezalako hizkuntza gutxiagotuak berezko hizkuntzak direla “frantsesa bera baino lehen baziren gure hizkuntzak, eta hala ere ez zaigu aitortzarik egiten” adierazi du Behatokia nazioarteko aditu, erakunde zein gobernuz kanpoko eragileen aurrean.

 

Horrekin batera, Frantziako Administrazioan boterea are gehiago zentralizatzeko arriskuez ohartarazi nahi izan du: “Gobernua identitate nazionalaz hausnartu nahi duen honetan, eskualde desberdinak beste eskualde berrietan asimilatu nahi dituzte, beti ere nazio identitate bakarra, kultura bakarra eta hizkuntza bakarra sustatuz” azaldu du Behatokiko ordezkariak.

 

Behatokiko ordezkariak eskaera zuzena egin nahi izan dio Aditu Independenteari “Foro honen helburua gutxiengoak baditu xede, lehen urratsa mundu mailan berezko hizkuntza komunitate gutxiagotuen aitortza derrigorrezko bihurtzea izan beharko litzateke. Ezin da onartu Frantziako Gobernuko ordezkariak gisa honetako foro batean parte hartzeko aukera izatea, beren Estatuan gutxiengoen aitortza juridikoari muzin egiten badiote.” adierazi du Bilbaok. Ondorioz, azken gomendioetan eskaera hori propio jaso dadila eskatu du.

 

Dena dela, Behatokiko eta beste erakunde batzuetako ordezkariak kexa agertu nahi izan dute gizarte zibilari emandako tratuarengatik: “Estatuek eta gobernuek hamaika aukera dute beren politiken berri emateko, gizarte zibilak gutxitan du aukera iritzia plazaratzeko, eta foro honetan ere lehenetsi egin da Estatuetako ordezkarien iritzia” azaldu du Bilbaok..

 

Azkenik, Behatokiko ordezkariak foruma baliatu du mundu mailako hizkuntza gutxiagotuen alde lan egiten duten zenbait erakunderi Euskal Herriko egoera helarazteko.