
Hizkuntza eta kulturen eskualde-arteko 19. topaketetan parte hartu dute Behatokiko ordezkari Paul Bilbaok eta Ione Josiék Bretainian, bertako erakundeek gonbidatuta.
Topaketok bi urterik behin antolatzen dira eta Frantziako Estatuko berezko hizkuntza gutxiagotuetako ordezkariek parte hartzen dute. Aurten Euskal Herriko ordezkaritzaz gain, Bretainia, Okzitania, Herrialde Katalanak, Alsazia, Guayana, Martinika eta Reunion herrietakoak ere izan dira.
Paul Bilbao zuzendariak Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren egitekoei buruzko hitzaldia eskaini du “Behatokia sortu zenetik, egiaztatu ahal izan dugu gure herritik kanpo miretsi egiten dutela gure lana”. Izan ere. Behatokiaren bertsio bretoia abian jartzeko asmoa duelakoan gonbidatu dituzte Euskal Herriko ordezkariak. “Behatokiaren metodologia, zorroztasuna eta eraginkortasuna balioetsi dute partaideek, eta Bretainian ere horrelako ekimen baten beharra agerian jarri dute” azaldu du Bilbaok. Are gehiago, Alsaziatik ere begi onez ikusi dute Behatokiaren lana, eta informazioa eskatu diete Euskal Herriko ordezkariei.
Bestalde, Ione Josié Behatokiko iparraldeko arduradunak azken bi urteotan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan abian jarritako proiektuak azaldu ditu. “Frantziako Estatuko hizkuntza gutxiagotuetako ordezkariei ez zaie arrotza suertatu aurkeztutakoa, baina harridura agertu dute Behatokiak erakunde publikoetatik jasotako erantzunekin” azaldu du Josiék.
Horrekin batera, Behatokiko iparraldeko arduradunak mahai gainean jarri nahi izan du Frantziako Konstituzioaren 75. artikuluaren aldaketak ez duela inolako aldaketarik sortu euskaldunon hizkuntza-eskubideei dagokienez: “Behatokia hasieratik agertu zen kritiko Konstituzioaren aldaketarekin, baina azken hilabeteotan Frantziako instituzioek berretsi egin dizkigute gure kezkak. Hartara, gure bezalako beste hizkuntza gutxiagotuetako ordezkariak Estatuak egindako iruzurraz ohartarazi nahi genituen” adierazi du Josiék.
Bost eguneko topaketetan Bretainian abian jarritako hainbat ekimen ere aurkeztu izan dituzte, besteak beste, Ar Redadeg (Korrika), Ya d’ar Brezhoneg (Bai Euskarari ziurtagiria) etab. Hainbatetan Euskal Herrian sortutako proiektuak izan badira ere, Behatokiko ordezkariek jakinarazi diete azken hilabeteotan abian jarritako zenbait dinamika haiek hasitakoaren segida izan direla. “Berriki Behatokia La Poste erakundearekin harremanetan hasi da euskarazko toponimoak onartzeko, eta horretarako Bretainian abiatutako dinamika bati jarraitu diogu” azaldu du Bilbaok.
Bestelako gaietan ere Behatokiak parte hartu du, eta besteak beste, France 3 kateak azken boladan euskaldunekiko erakutsi duen mespretxua jakinarazi du Josiék “Urtean zehar euskarazko bost ordu ematetik, bi ordura jaitsi dute; eta horrek erakusten du ondare hitzaren esanahi praktikoa”.
Horiek horrela, ondorio bat atera dute Bretainian diren Behatokiko ordezkariek: “Asko gara hizkuntza gutxiagotuetako kide, lan handia egiten ari gara geure hizkuntzen berreskurapenerako, eta batasunak indar handiagoa emanen digu geure hizkuntza-eskubideen defentsan” ondorioztatu dute Bilbaok eta Josiék.