Euskaldunen eskubideen aurkako zuzenketa salatu du Behatokiak

Atzo Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo batzordean PP, UPyD eta PSE-EEk onartutako erdibideko zuzenketa salatu nahi du Behatokiak. “Euskaldunoi muzin egiten dien zuzenketa da” adierazi du Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok.

Izan ere, atzoko batzarrean UPyDk aurkeztutako ez-legezko Proposamenari hiru alderdiek aurkeztutako erdibideko zuzenketa onartu zuten. UPyDk aurkeztutako ez-legezko proposamenean Osakidetzako 70 langilek pairatzen zuten ustezko bereizkeria salatu nahi zuten, euskararen ezagutza ez egiaztatzeagatik plazarik lortu ez zutelako.

Bilbaok azaldu duenez “jakin dakigu euskaldunok gure hizkuntza-eskubideak bermatzeko zein erabaki lausoak hartu izan dituzten Osakidetzan, eta batzuek euskaldunoi eskubideak urratuko dizkigun langileak ez kontratatzea bereizkeria dela entzutea lotsagarria iruditzen zaigu”.

Are gehiago, Bilbaok gogora ekarri nahi izan du UPyD egindako proposamenean propio jasotzen zutela hainbat mediku, erizain, zelari eta abarri plaza esleitu zitzaiela hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izan ez arren: “Hortaz, araudiari erreparatzen ez zioten esleipenak egitea normaltzat hartzen dute, eta hori lanpostu guztietara zabaldu behar dela adierazten dute” adierazi du Bilbaok.

Behatokiaren arabera atzo onartutako zuzenketak baditu euskaldunontzat iraingarriak diren elementuak. “Euskararen gehiegizko balorazioarengatik ustez diskriminatutako langileei babesa agertzen zaie, baina inolako aipamenik ez egunero osasun-asistentzia duina (euskaraz) jasotzen ez duten herritarrei buruz” salatu du Paul Bilbaok.

Halaber, zuzenketan Osasun eta Kontsumo Sailari eskatzen dio beharrezko neurriak eta ekinbideak har ditzala funtzio publikoan berdintasunez sartzeko printzipioa bermatzeko, eta gerta daitezkeen eskubideen urraketak gainditzeko. “Zergatik ez zaio Sailari eskatzen herritarren hizkuntza-eskubideen urraketak gainditzeko beharrezko neurriak hartzea?” galdetu du Bilbaok. Izan ere, beste behin, ahaztu egin dute herritar euskaldunok eskubideak ditugula, besteak beste, osasun-asistentzia duina euskaraz jasotzeko.