Paul Bilbao: Beste behin, Frantzia eta Turkia pareko agertzen dira gutxiengoen eskubideei dagokienez

Nazio Batuen Erakundeko Umeen Eskubideen Batzordeak hasiera eman dio gaur goizean 51. batzar nagusiari. Aurtengo Batzar Nagusian Frantzia, Suedia, Eslovenia, Bangladesh, Nigeria eta Errumania aztertuko dituzte, hain zuzen ere, Estatu horiek Umeen Eskubideen Ituna nola aplikatu duten. Hizkuntza Eskubideen Behatokiko Paul Bilbaok parte hartu du gaur Batzar Nagusian, Frantziako Estatuaren jarrera salatzeko.
Izan ere, kontuan izan behar dugu Frantziako Estatuak oharra jarri zuela Haurren Eskubideen Itunaren 30. artikuluari dagokionez. “Gutxiengoen eskubideen aitortzarako artikulua ezin aplika daitekeela esan zuen Frantziak, eta jarrera horrek herritarren bereizkeria eragiten duela salatu nahi izan dugu” adierazi du Bilbaok.
Izan ere, 1990eko urtarrilaren 26an sinatu zuen Frantziako Estatuak, eta 1990ko abuztuaren 7an berretsi egin zuen. Ordutik hona aipatu Itunari bi jarraipen egin zaio. 1993an aurkeztu zuen Frantziako Estatuak Itunaren betetzeari buruzko lehen txostena, eta Umeen Eskubideen Batzordeak 1994ko apirilaren 25ean aztertu zuen. Bigarren txostena, berriz, 2002an prestatu zen, eta 2004ko ekainaren 2an aztertu zuen Batzordeak. Hortaz, egunotan hirugarren monitorizazioa egiten ari zaio Frantziari.
2004ko gomendioetan Umeen Eskubideen Batzordeak propio helarazi zion Frantziako Estatuari Itunaren 30. artikuluan jarritako oharra kendu behar zuela. “Interesgarria da Umeen Eskubideen Itunaren jarraipena egiten duen Batzordeak berak eskatzea umeen arteko bereizkeriarik ez eragiteko eskaera egitea” adierazi du Bilbaok. Ituna berretsi duten 140 Estatuen artean Frantziaz gain beste hiru Estatuk besterik ez zuten hartu 30. artikuluarekiko erretserba. Halaber, azpimarratu behar dugu Frantziako Estatuaren antzeko jarrera bik besterik ez dutela, Turkiak eta Omanek hain zuzen. “Beste behin, Frantzia eta Turkia pareko agertzen dira gutxiengoen eskubideei dagokienez” azaldu du Behatokiko zuzendariak.
Genevan egiten ari den Batzar Nagusian Behatokiko zuzendariak txosten bat aurkeztu du Frantziako Estatuak 2004an egin zitzaion gomendioari muzin egin diotela salatzeko: “Ezin da onartu behin eta berriro gomendioak betetzen ez dituela salatu behar izatea” adierazi du Bilbaok. Horrexegatik, Frantziako Gobernuaren utzikeria agerian jartzeko azken urteotan Nazio Batuetako beste Batzorde batzuek egindako gomendioen berri helarazi die Behatokiko zuzendariak parte hartzaileei: “2008an Nazio Batuetako Gutxiengoen Aferetarako Aditu independenteak gomendio egin zion Estatuari Itunaren 30. artikuluan egindako erreserba kentzeko, urte bereko maiatzean Nazio Batuetako Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeak gomendioa egin zion Estatuari gauza bera egiteko… Noiz edo nola aldarazi behar zaio jarrera Estatuari?” esan du Bilbaok.
Izan ere, Frantziako Estatuak aurkeztutako txostenaren arabera, 30. artikuluan jarritako erreserba ez da oztopo hizkuntza-aniztasuna aitortzeko. “Ulertezina da Estatuak hori esatea, eta bestalde, Behatokiak helarazten dizkion kexei erantzuten dienean frantsesa lehenetsi beharreko hizkuntza dela jasotzea. “Horrexegatik, uztailean Konstituzioaren aldaketan egindako iruzurra ere frogatzat aurkeztu dugu, Estatuak kolektiboen eskubideekiko duen jarrera salatzeko”, gaineratu du Bilbaok.