Behatokiak esan, Nazio Batuen Erakundeak berretsi: urteko txostenaren aurkezpena Ipar Euskal Herrian


Behatokiko ordezkariek urteko txostenaren aurkezpena egin dute Baionan. Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak ondorio nagusi bat azpimarratu nahi izan du: “Behatokiak egiten duen irakurketa Nazio Batuen Erakundeak berretsi du 2008an, baina Frantziako Gobernuari bost axola zer gomendio egiten zaion”.

Bilbaok azpimarratu nahi izan du 2008an ez dutela elementu berririk aurkitu hizkuntza-eskubideen bermerako urratsei dagokienez: “Tamalez, administrazioei iazko antzeko gertaeren berri eman badiegu ere, ez da inolako jarrera-aldaketarik ikusi, euskaldunon hizkuntza-eskubideak aintzat hartzeko”.

“La langue Française est la langue de la république et la langue de l’enseignement, du travail, des échanges et des services publiques izan da administrazio gehienek euskaldunon hizkuntza-eskubideak urratzeko baliatu duten argudio nagusiena. Horren karira, Bilbaok zera gaineratu du: “Frantsesa ez den edozein hizkuntza, hortaz, ez da ezer. Frantsesa ez den berezko hizkuntza baliatu nahi duten herritarrak ez dira ezer”.

Halaber, Behatokiko zuzendariak agerian jarri nahi izan du uztailean Frantziako Konstituzioaren aldaketaren inguruan egin zuen irakurketa kritikoa berresteko elementu berriak izan dituela: “Iaz esan egin genuen Frantziako Konstituzioaren 75-1 artikulu berriak ez zuela eskubiderik aitortzen eta euskara ondare-elementutzat hartzen zuela, Eiffel dorrea edo croissanta bezala”.  Horrekin loturik, Behatokiko zuzendariak agerraldian erakutsitako dokumentuan Finantza Publikoetako Zuzendari Orokorrak zenbait kexari emandako erantzuna erakutsi zabaldu izan du. Aipatu erantzunean Konstituzioan 75-1 artikulua txertatzeak ez du auzitan jartzen frantsesaren lehentasuna eta ez dio eskubide berririk aterik zabaltzen adierazi zuen zerbitzu fiskaletarako zuzendariak. Horren aurrean Behatokiak galdera luzatu nahi izan du: “Hortaz, zergatik eman izan zioten horrenbeste oihartzun Frantziako Konstituzioan egindako aldaketari? Aurpegia zuritzeko aldaketa besterik ez zen izan, Nazio Batuetatik egindako gomendioei iruzur egiteko beste modu bat, besterik ez”.

Erantzun gehienek tankera hori izan badute ere, Bilbaok gogora ekarri nahi izan du Hendaiako Herriko Etxeak, esaterako, kexaren zioa konpontzeaz gain, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeari begira urratsak ematen ari direla.

Azkenik, Behatokiko zuzendariak jakinarazi du hau guztia gaur aurkeztu duen txostenean ez ezik, bestelako guneetan ere zabalduko duela. Hartara, maiatzaren 26an Nazio Batuen Erakundeko Umeen Eskubideen Batzordean parte hartuko duela jakinarazi du, eta besteak beste, aipatu Itunaren 30. artikuluan Frantziako Estatuak jarri zuen oharra kentzeko eskatuko duela azaldu du Bilbaok.

 

171 espediente

Ione Josiék, Behatokiko teknikariea, 2008an kudeatutako espedienteen berri eman du agerraldian. “Pixkanaka-pixkanaka gora doa Euskararen telefonoa zerbitzuak, iaz abian jarri genuenetik %12 egin du gora espediente-kopuruak” . Hala ere, Behatokiko kidearen arabera, legezko aitortza ezak eragin handia du herritarrek eskubideen urraketen inguruan duten pertzepzioan. “Zaila egiten zaie herritarrei eskubidea urratu zaiela salatzea, legeak haien eskubideak aitortzen ez baditu, ikusgabeak egiten baititu” gaineratu du Ione Josiék.

171 espedienteetatik 161 eskubide-urraketak izan dira, 6 zorionak eta 4 prebentzio-lanak. Kexei dagokienez, administrazio publikoek jaso dituzte kexa-kopuru gehien 111, eta eremu sozioekonomikoak 50. “Joera hori nahiko normala izaten da, izan ere, herritarrak bere eskubideen bermean errespetu handiagoa eskatzen die administrazio publikoei”.

Kexaren zioei dagokienez, denetarik egon da: idatzizko komunikazioak frantses hutsean, seinaletikan euskararen arrastorik ez, ahozko zerbitzua euskaraz jasotzerik ez, eskuorriak frantses hutsean “zaila da kexen profil bat egitea, euskarak inolako tokirik ez duela da gure ondorio nagusiena” adierazi du Ione Josiék.

Halaber, Behatokiko ordezkariak gogora ekarri nahi izan ditu kudeatutako zorionak. Gehienak eskuorrietan euskararen presentzia bermatu duten enpresei lotzen zaie eta euskaldunak aintzat hartzen dituzten enpresei eskerrak eman nahi izan dizkie “Kontraesankorra da administrazioetatik kanpoko eragileek herritarren eskubideei erreparatzea, eta geure eskubideen jagole izan behar duten administrazioek baztertuak egon behar izatea” gaineratu du.