Euskaldunen hizkuntzari buruzko kexak jasotzeko buzoiak jarri dira Usurbilen
Usurbilgo Udalak, Noaua!k, UEMAk, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta Oiartzungo Udalak euskaldunen hizkuntz kexak jasotzeko Usurbilen jarri diren buzoien berri eman dute Urbil Merkataritza Zentroan egindako prentsaurrekoan. Bertan izan dira: Xabier Mikel Errekondo (Usurbilgo Udala), Alaitz Aizpurua (Noaua!), Iñaki Arregi (UEMA), Paul Bilbao (Behatokia), eta Jabi Elizasu (Oiartzungo Udala).

Aurrerantzean euskaldunon hizkuntza kexak jasotzeko buzoiak izango dituzte usurbildarrek. Egitasmoa hainbat eragilek bultzatu dute: Usurbilgo Udalak, Noaua!k, UEMAk eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak. Buzoiak lau tokitan jarriko dira: Usurbilgo udaletxearen harreran, Sutegi Liburutegian, Noaua!n eta Urbil Merkataritza zentroan.

Egitasmo honekin usurbildarrak eta euskal herritarrak bultzatu nahi dira “euskaldun koherente gisa” jokatzeagatik izaten dituzten eskubide urraketak salatzera. Izan ere, oraindik asko dira euskaldunak baztertzen dituzten tokiak eta eragileak: medikuaren kontsultan gaztelaniaz mintzatzeko eskatzen digute, informazio komertziala gaztelania hutsez bidaltzen digute, erakunde ofizialetan euskaraz aritzeko trabak jartzen dizkigute…

Kexa horiek guztiak bildu nahi dira herritarren eskura jarritako buzoien bidez. Kexa jartzera joaten denak inprimaki batzuk izango ditu buzoien ondoan, betetzeko sinple-sinpleak. Nolanahi ere, zailtasunik izanez gero, edo argibiderik behar izanez gero, udal Euskara Zerbitzuak emango dio  herritarrari behar duen laguntza.
Inprimakia Hizkuntz Eskubideen Behatokira bideratuko da, kexa behar den tokira helarazteko. Kexa jartzeko, izen-abizenak eman behar dira, baina UEMAk nahiz Behatokiak konfidentzialtasun osoz jokatuko dute, Datuen Babesaren Legeari jarraiki.
Halaber, egitasmoaren bultzatzaileek jakinarazi nahi die herritarrei telefonoz ere badagoela kexa jartzea. Horretarako, hainbat aukera daude: batetik, telefonoz jar dezakete kexa, udal Euskara Zerbitzuan (943 371999) edo Euskararen telefonoan (902194332), eta, bestetik, web gunean, www.euskararentelefonoa.com helbidean.

Egitasmoa Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren arteko hitzarmenaren ondorioa da. Hitzarmenean, UEMAk eta Behatokiak mankomunitateko herritarren kexak bideratzeko konpromisoa hartu zuten. Usurbilen, udalaz gain, Noaua!k ere parte hartu du egitasmoan.
Buzoien egitasmoa martxan jarrita dago UEMAko hogei herritan eta urriaren hasieratik 50 kexatik gora jaso dira.

Honetaz gain, Usurbilen ekimen honen osagarri diren beste hainbat egitasmo ere martxan jarriko dira herritarrei begira eta udal langileei begira.
Otsaila bukaeran Usurbilgo etxe guztietara poltsikoko egutegiak banatuko dira. Egutegi hauetan batetik adierazten da Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren telefonoa eta web orria zein den, eta bestetik, Usurbilen non dauden kokatuta hizkuntza kexak jasotzeko buzoiak.
Bestalde, otsailaren 28an, eta martxoaren 7 eta 14an TELP tailerra egingo da: Euskaraz eroso eta naturaltasunez mintzatzen ikasteko tailerra.