Behatokia NBEko Gutxiengoen Aferetarako Forumean
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Paul Bilbao Genevan da Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeak abenduaren 15 eta 16an antolatutako Gutxiengoen Aferetarako Forumean /Forum on Minority Issues.
Lehen aldiz antolatu du Giza Eskubideen Batzordeak mota honetako forum bat, eta lehen honetan gutxiengoen hezkuntza-eskubidearen inguruko gomendioak eztabaidatu dira. Hala ere, Behatokiko ordezkariak azaldu duenez, lehen mailako eztabaida gutxiengoen inguruan eman izan da: “Kontuan izan behar dugu gutxiengo delako kontzeptua oso modu desberdinetan uler daitekeela, eta horrexegatik gurea bezalako hizkuntzetako ordezkariek berezko hizkuntza-komunitateei beste estatus bat eman beharra azpimarratu dugu” azaldu du Bilbaok.
Mundu mailako hirurehun aditu bildu badira ere berezko hizkuntzetako ordezkariak oso gutxi izan dira Bilbaoren arabera: “Horixe da talde guztiak zaku berean sartzearen arriskua; oraingoan, bretoiak, kurduak, euskaldunak, Hego Amerikako eta Afrikako zenbait ordezkari besterik ez gara egon. Aitzitik, munduan zehar barreiatuta dauden beste gutxiengoetako ordezkariek indar handiagoa izan dute, eta horrek hausnarketa batera eraman behar gaitu”.
Hala ere, partaideek agerian jarri nahi izan dute Turkiako, Greziako eta Frantziako Estatuei egindako kritikak: “Ezin onar daiteke gutxiengoen inguruko gomendio batzuk adostu nahian aritzea, eta zenbait Estatuk haien lurralde barruan berezko taldeei existentzia juridikoa ez aitortzea. “Nola ulertu gomendio batzuen inguruan eztabaidatzea, eta agerian ez uztea, gure kasuan, Frantziako Estatuari inolako betebeharrik ez ezartzea. Jakin dakigu, Frantziako Estatuak aski erraz muzin egin diezaiekeela gomendio hauei, lurraldean gutxiengorik ez dagoela adierazita. Horrela egin izan du Nazio Batuetako beste Itun batzuei dagokienez” salatu du Bilbaok. Berezko hizkuntzen ordezkarien esanei erantzun egin die Frantziako Hezkuntza Ministerioko ordezkariak eta adierazi du berdintasuna bermatzearren Frantziako Estatuan ez dela herritarren jatorriaz galdetzen, baina hala ere, neurriak hartzen dituztela.
Azkenik, Behatokiko ordezkariak aukera baliatu nahi izan du Nazio Batuetako Gutxiengoen Aferetarako Gay Mc Dougall andrearekin eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordekide zenbaitekin hitz egiteko. Batetik, Frantzia Estatuarekiko agertu zituzten gomendioak oso egokiak izan direla adierazi die, eta bestetik, Frantziako Estatuak beste behin muzin egin diela azaldu die. Hartara, aditu horiek guztiek kezka agertu dute berriz ere Frantziako Estatuak gomendioa betetzeko ahaleginik egin ez duelako. “Askotan esan izan dugu Frantziako Agintariek entzungor egiten dietela Nazioarteko instituzioetatik helarazten zaizkien gomendioei, baina aukera hau aprobetxatu nahi izan dugu aditu horiei horren berri zuzena helarazteko” gaineratu du Bilbaok.