Behatokiaren urteko txostenean jasotzen diren beltzune berberak nabarmendu ditu Europako Kontseiluak



Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak eta Adituen Batzordeak gomendioak egin dizkiote Espainiako Estatuari Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunak ezartzen dituen betebeharren inguruan.

Euroitunaren atal garrantzitsuenak ofizialak diren hizkuntzei aplikatzen zaie, hortaz, Hego Euskal Herrian dagoen errealitateari erreparatzen badiogu, hainbat tokitan ezin dira aplikatu: Nafarroan legeak ezarritako eremu mistoan eta ez-euskaldunean, edota Turtzioz zein Trebiñun. Dena den, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok azaldu duen moduan, “azpimarratu behar dugu ofizialtasunak ezartzen dituen betebeharrak baino maila apalagoa duela Euroitunak, hortaz, azken honek ezartzen duen maila beteta ere, ofizialtasunak ezartzen dituen betebeharrak ez direla zertan bete”, azpimarratu du.

Euskalgintzako 16 erakunderekin batera aurkeztu zuen Behatokiak txostena. Finean, Behatokiak konpromisoen betetze-maila egiaztatzeko urtean zehar Euskararen telefonoa zerbitzuan kudeatutako espedienteak helarazi zizkion Europako adituen batzordeari. Hainbatetan agertu dira Behatokiaren kexak txostenean zehar, hortaz, Euskararen telefonoa zerbitzuak duen eraginkortasuna agerian jarri nahi dugu. Egindako ekarpenak eragin handia izan duela ere ondorioztatu ahal izan du Behatokiak.

Txostenaren edukiei erreparatuta, Ministroen Batzordeak egindako gomendioetan aurreko balorazioan egindako bi gomendio errepikatzen dira: Estatuko Administrazioa eta Justizia. “Gomendio horiek 2005ean ere egin zituen Batzordeak, eta kezkaz hartu dugu bete ez izana”, aipatu du Bilbaok.

Justiziari dagokionez, Estatuaren arabera, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ez du interesik gomendioa betetzeko. Legeak ez die epaileei zein magistratuei euskararen derrigorrezko ezagutza ezartzen, eta beraz horrek zailtzen du konpromisoa betetzea. Bestetik, marko juridikoa aldatzeko eskaera egiten zaio Estatuari, bai eta langile elebidunen kopurua igotzeko neurriak har ditzala ere.

Espainiako Estatuko Administrazioari dagokionez, berriz, marko juridikoa berritu behar ez dela agertzen du Estatuak, baina berriz ere jaso dute gomendio berdina. Horren harira, Batzordeak dio Espainiako Estatuak ez dituela neurri eraginkorrak hartu aurrez ikusitako arazoei irtenbidea emateko. “Oso agerikoa da konpromisoen ez-betetze maila. Hartara, gomendio berezituak agertzen dira behin eta berriro Adituen txostenean. Zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten enpresen gabeziak ere jasotzen dira: RENFE; CORREOS… Agerikoa da Estatuaren jarrera, izan ere, Nafarroan dauden langileei dagokienez hamar urteetan jaitsi da euskaldunen kopurua. Adituen arabera, gaztelania ezagutzeko derrigortasuna ezin da aitzakia izan euskaldunon eskubideak urratzeko”, azpimarratu du Bilbaok.

Finean Behatokiak urteko txostenean agertzen duen diagnosiaren parekoa da Adituen Batzordeak egindako balorazioa. “Beltzuneak beltzune dira Behatokiarentzat, baina bai eta Europako Kontseiluarentzat ere: Estatuko Administrazioa, Justizia, Osasungintza eta Herrizaingoa”, nabarmendu du Behatokiko zuzendariak.



Nafarroari dagokionez, Gobernuaren hizkuntza-politika agerian uzten duten hainbat elementu jasotzen du Adituen txostenak. Hezkuntza, administrazioa eta zerbitzu publikoak, hedabideak eta gizarte-bizitza eta bizitza-ekonomikoa atalak aipatzen ditu. Hezkuntzaren atalari dagokionez, TIL eredua dela-eta ingelesa sartzean euskarari dagokionez zein ondorio izango duen argitzeko galdetzen zaio. Arantza Haranburu Behatokiko kudeatzaileak aipatu duenez, “aipagarria da Lanbide Heziketan ikusten duen gabezia. Hortaz, Nafarroako Gobernuak erabilitako argudioa ez du onartzen Batzordeak: ‘Lanbide Heziketan ez dute zertan ikasi hizkuntza bat’, bestetik, helduen euskalduntze-alfabetatzean diru-laguntzen jaitsiera nabarmentzen du”, azaldu du Haranburuk.

Administrazioa eta zerbitzu publikoak atalean, gomendioa egiten dio Nafarroako Gobernuari zerbitzua euskaraz ahalbidetzeko, besteak beste. Hedabideen alorrean berriz, konpromiso bat bera ere ez bete izana nabarmentzen du txostenak. Gizarte-bizitza eta bizitza-ekonomikoaren arloan berriz, konpromiso bat bera ere ez dela bete jasotzen du adituen txostenak. “Osasungintzan dauden gabeziak agerian jartzen ditu, baita ere, izan ere, langileen 0.70ek besterik ez du ezarrita euskararen derrigorrezko ezagutza. Kontsumitzaileei begira inolako legerik edota bestelakorik onartu ez izana ere agerian jartzen du Batzordeak”, Behatokiko kudeatzaileak azaldu duenez.

Euskal Autonomi Erkidegoari dagokionez, hezkuntza arloan bereziki Lanbide heziketaren inguruko kezka agertzen du Batzordeak. Zerbitzu publikoei dagokionez berriz, kezka agertzen du beste behin Batzordeak herritarrek Osakidetzan jarritako kexen inguruan. Propio jaso du 2006an ezarri zela lehen aldiz euskararen derrigorrezko ezagutza, baina oraindik hizkuntza-eskubideak urratzen direla. Hobekuntzak egon arren, urratsak eman behar direla agertu dute. Batzordeak positiboki baloratzen du Kontsumitzaileen Estatutua baina horren aplikazioaz kezka agertzen dute, izan ere, Behatokiak agerian jarri zituen hainbat enpresa publikoren inguruan jasotako kexak: OSALAN, EGAILAN, etab.

Gizarte-bizitza eta bizitza-ekonomikoari dagokionez, formalki konpromisoak betetzen direla agertzen badu ere, orain egiaztatu beharko dute Legea betetzea dela. Azkenik, Haranburuk aipatu duenez, “azpimarratu nahi dugu azken ondorioetan Adituen Batzordearen arabera Osakidetzak eta Ertzaintzak kezkak sortzen dituztela”, azaldu du.