Behatokiak astelehenean Kongresuan Konstituzioa aldatzeko hartutako erabakien inguruan haserrea agertu du Baionan: “Iruzur handia egin digute euskaldunoi, eta gure bezalako hizkuntza-komunitateetako hiztunei”, adierazi du Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok. Behatokiaren arabera, eztabaida historikotzat jo dute, geure eskubideen aitortza eta bermeari inolako eraginik egingo ez dion aldaketa izango den arren. “Antza, hemendik aurrera Frantziako monumentu berri bihurtuko da euskara, Eiffel dorrea edota Garaipenaren Arkua bezalaxe”, aipatu dute.
Izan ere Frantziako estatuak bere burua modernitate eta demokraziaren eredutzat baldin badu ere, “zergatik ez diete azaltzen herritarrei zilegitasuna dutela Nazio Batuen gainetik jartzeko?” galdetu du Bilbaok. Izan ere, gogora ekarri du maiatzean Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeak egindako gomendioak neurri zehatzak hartzeko eskatu ziotela Frantziari, eta horri muzin egiteaz gain, saihestu egin dute bertan jasotakoaz eztabaidatzea.
Azken urteotan zenbait saiakera egin dira Frantziako estatuan Konstituzioa aldatzeko. Behatokiko ordezkariek gogora ekarri dute 2005eko maiatzean saiakera bat izan zela bigarren eta 53. artikuluak aldatzeko; 2006ko abenduan bigarren artikulua aldatzeko proposamena errefusatu zen. 2008an ere Lisboako Tratatuaren eztabaidaren karira bigarren eta 53. artikuluak moldatzeko aukera aztertu zen. Horietan guztietan une egokia ez zela argudiatuz errefusatu zituzten moldaketak. “Noiz izango da une egokia gure eskubideak aitortzeko?”, galdetu du Ione Josiék Behatokiko kideak.
Behatokiak maiatzean abiatu zen aukera berri honek izan duen amaieraren balorazio ezkorra egin du. “Hasieratik bertatik adierazi genuen zein ziren oinarrizko aldaketak, eta ordutik bertatik ohartu ginen ez ziotela gaiari behar bezala eutsi nahi izan”, adierazi du Josiék. Kontuan izan behar dugu, hasieratik bota zutela atzera euskararen ofizialtasuna, eta denborak aurrera egin ahala oztopo berriak besterik ez dituzte jarri nahi izan. “Hor dugu Frantsesaren Akademiaren jarrera deitoragarria edota Senatuarena berarena ere”.
Bilbaok adierazitakoaren arabera: “Argi esan behar dugu Frantziako estatuak bere politika glotozidei eusteko bidea ematen diola Konstituzioan egindako aldaketa honek”. Gauzak horrela, Behatokiko zuzendariak iragarri du Konstituzioa aldatzeko azken saioen inguruko dosierra prestatzeko asmoa duela eta heldu den udazkenean nazioarteko zenbait instituziotara zuzentzeko asmoa agertu du: “Udazkenean Europako Kontseiluan parte hartzeko aukerak aztertzen ari gara. Horrekin batera, ESKE/OSCE erakundeko Gutxiengo Nazionaletarako Goi Komisarioari ere honen berri emateko asmoa dugu. Bidegabekeria hauek guztiak nonbaitetik gelditu behar dira”, gaineratu du Bilbaok.