Behatokiak eta Nafarroako hainbat alkatek erregistro zibilak euskaraz egin ahal izateko baliabideak eskatu dituzte

Nafarroako 33 udalerritako agintariek egin dute eskaera Nafarroako Diputazioaren atarian. Behatokiarekin batera udal-ordezkariek erregistroetako inskripzioak euskaraz egiteko programa informatikoaren euskarazko bertsioa eskatu dute. Izan ere, uda baino lehen erregistroetako inskripzioak modu informatizatuan egiten hasteko asmoa du Gobernuak. “Hori dela eta, bildu gara gaur, legeak herritar euskaldunoi aitortzen dizkigun hizkuntza-eskubideak berma daitezela exijitzeko eta ekimen honekin bat egin duten Udalerrietako alkateek sinatutako eskaera-gutunak ekartzeko”, azaldu du Behatokiko zuzendaria den Paul Bilbaok.
Hain zuzen ere, hauek dira Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Kontseilariari zuzendutako eskaera-gutuna sinatu duten Udalerriak: Anue, Araitz, Arano, Arantza, Arbizu, Areso, Arruazu, Basaburua, Betelu, Bera, Baztan, Beintza-Labaien, Bertizarana, Donamaria, Ergoiena, Etxalar, Goizueta, Igantzi, Imotz, Irurtzun, Lakuntza, Lantz, Larraun, Leitza, Lekunberri, Lesaka, Oitz, Olazti, Orbaitzeta, Orbara, Uharte-Arakil, Urrotz eta Zubieta. Horiez gain, bertze zenbait herritatik gutuna zuzenean igorri dute aipatu Departamentura.
Eskubidea 2005ean aitortu zen
Inskripzioak Autonomia Erkidegoetako hizkuntza ofizialetan egin ahal izateko eskubidea aitortu zitzaien herritarrei ekainaren 22ko 12/2005 Legearen bidez. Lege horren babesean Nafarroako zenbait herritarrek Behatokira jo dute jaiotzear ziren eta diren seme-alaben inskripzioak euskaraz egin ahal izateko laguntza eske. Hilabeteak igaro diren arren eskaerak aurkeztu zituztenetik, ez dute, ordea, inongo erantzunik jaso.
Legea orain dela hiru urte onartu bazen ere, egun ezinezkoa da Nafarroan inskripzioak euskaraz egitea Administrazioek beharrezko diren mekanismoak abian jarri ez dituztelako. “Horrela, Katalunian eta Galizian inskripzioak katalanez eta galegoz egin daitezkeen bitartean, Nafarroan ez da oraindik inskripzioak euskaraz egitea ahalbidetuko duen euskarririk sortu”, salatu dute.
Legeak babesa ematen ziela jakinda, Erregistro Zibilak informatizatzeko hitzarmena sinatu zutenean, Udal batzuek inforeg web-sistema abian jartzen den une beretik haren euskarazko bertsioa eskura jartzeko eskaera egin zien Nafarroako Gobernuko ordezkariei. “Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko ordezkariek euskarazko bitartekoak izanen direla adierazi ziguten, baina ez zuten datarik zehaztu”, azaldu du Arantzako alkate den Ainara Maiak.
Erregistro zibil delegatuetako langileak inforeg aplikazio informatiko berriaren erabilpenean gaitzeko ikastaroak burutzen hasiak dira dagoeneko eta trebakuntza ikastaro horiek gaztelaniaz izateaz gain, aplikazio informatikoaren gaztelaniazko bertsioarekin egiten ari dira. Horregatik, “Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Kontseilariari gogorarazi nahi diogu, hitzarmena sinatzeko ekitaldian adierazitakoa, hau da, abegi onez hartuko zituela Udaletatik egindako iradokizunak, Administrazioen arteko lankidetzan oinarri sendoak ezartzeko garrantzitsua delako”, aditzera eman du Orbaitzetako alkateorde den Ramon Gonzalezek.
Orain artekoa kontuan hartuta, ordea, hautetsiak beldur dira Gobernuak ez ote duen emandako hitza janen eta ez ote diren herritar euskaldunak dagoeneko 3 urtez ukatu zaien eskubidea berriz ere baliatu ezinik geratuko.