Nafarren hizkuntza-eskubideen urraketen berri eman du Parlamentuan Behatokiak

Hizkuntz Eskubideen Behatokia gaur Nafarroako Parlamentuan izan da, Hezkuntza Batzordearen lan-saioan parte hartu du urteko txostenaren emaitzak aurkezteko, Nafarroa Bai taldeak eskatuta. Behatokiak euskararen telefonoaren bidez herritarrei urratzen zaizkien hizkuntza-eskubideen berri izaten du. Informazio hori guztiarekin urtero diagnosia egiten du eta instituzio eta eragileei horren berri ematen die. Nafarroako Legebiltzarrean ere, horren berri emateko aukera izan du, hain zuzen ere, nafarren hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa dela berriro salatzeko.
Bileran Behatokiko zuzendaria den Paul Bilbaok eta kudeatzailea den Arantza Haranburuk Nafarroako herritarrek zabaldutako espedienteen hainbat datu helarazi ditu: 475 espediente zabaldu dituzte Nafarroako herritarrek, horietatik 440 kexa, 21 zorion eta 14 kontsulta. Kexei dagokienez, 266 erakunde publikoei zuzendu zaizkie eta 174 pribatuei. Era berean, Erakunde publikoei dagokienez: Nafarroako Gobernuak 130 kexa jaso ditu, Espainiako Estatuko Administrazioak 68 eta udalek beste 68 ( Iruñeak 47). “2007 urtean aurreko urteetako joerari eutsi dio Nafarroako Gobernuak hizkuntza-eskubideen bermean ez ezik, aitortzan ere”, adierazi dute ordezkariek Hezkuntza Batzordean.
Lehenik eta behin Behatokiak agerian jarri nahi izan du egungo ordenamendu juridikoak nafarren artean eragiten duen bereizkeria, “izan ere, nafar guztiei betebehar berdinak ezartzen bazaizkie ere, eskubide desberdinak aitortzen zaizkie, eta horrek herritarren berdintasun-printzipioaren kontra egiten du”.
Behatokiak azpimarra jarri du 2007an Foruzainen lan-deialdian gertatutako iruzurraz, izan ere, hainbat lanpostu berri sortu ziren Elizondo eta Altsasuko polizia-etxeetan eta horietako batean ere ez zen izan derrigorrezko euskararen ezagutza. Alta, merezimendu gisa ere ez zuten baloratu berezko hizkuntzaren ezagutza, eta ondorioz, dekretu murriztaileek ezartzen zutenaren kontra egin zuten lasai aski.
Zazpi urtez hizkuntza-eskubideen urraketa berdina azaltzen duten kasuak bideratu izana kezkatzeko elementua dela gogoratu dute Behatokiko ordezkariek. “Hizkuntza-eskubideen bermerako tempusik ez du ezarrita Nafarroako Gobernuak eta ohiko bihurtu du eskubide zein lege murritzen urraketa sistematikoa”, azaldu du zuzendariak.
Eremu sozio-ekonomikoa ere hizpide izan dute Behatokiko ordezkariek. Gogora ekarri dute Nafarroan 2006an onartu zela kontsumitzaileen eta erabiltzaileen Legea, eta bertan ikusezin bihurtu zituela kontsumitzaile euskaldunak. “Horrek ere ondorio zuzena izan du Behatokiaren diagnosian, are gehiago, interes orokorreko zerbitzua eskaintzen duten hainbat enpresak atzerapausoak eman dituzte aurten”, argudiatu dute.
Halaber, Behatokiak parlamentarioen esku jarri duen txostenean herritarrek helarazitako kasu zehatzak jarri ditu, eta bertan aski garbi ikusten da Nafarroako Gobernuak indarrean den lege murritza ere ez duela betetzen.
Osasunbideko lan-deialdia
Azkenik, Behatokiak hedabideen aurreko agerraldi hau baliatu du berriki Osasunbideak argitaratu dituen lan-deialdien inguruko balorazioa egiteko Izan ere, handitu egin dute Osasunbidea erakundeko plantilla oinarrizko osasun laguntzako zuzendaritzako lanpostuetan. 250 lanpostu berri sortu dituzte eta horietako batean ere ez dute ezarri euskararen derrigorrezko ezagutza. “Are gehiago, legeak ezarritako eremu mistoari dagokionez, ez dakigu merezimendu gisa ere baloratuko duten euskararen ezagutza”, aitortu du Paul Bilbaok.
Behatokia gaia sakon aztertzen ari da, behar izanez gero, auzi-bidea hartzeko. Behatokiko kideek gogoratu dute 2007ko urteko txostenak egiaztatu duela nafar guztiak eremu ez euskalduneko herritar bihurtu dituela Osasunbideak.
Amaieran hausnargai eta eskaera bana egin die Behatokiko zuzendariak parlamentu-taldeei. Eskaerari dagokionez, galdera egin diezaiotela Nafarroako Gobernuari 2001etik sortu diren lanpostuetatik zenbati ezarri dioten euskararen derrigorrezko ezagutza. Hausnargaiari dagokionez, ariketa bat proposatu die Bilbaok: “Pentsa ezazue zein ondorio aterako zenuketen baldin eta administrazio batek legea herritarren eskubideak ez aitortzeko erabiliko balu, edota legeak eskubideak bermatzeko jasotzen dituen arauak beteko ez balitu”.