NBEtik gomendio irmoagoak egin dizkiote Estatuari
2008ko maiatzaren 19an NBEko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeak gomendio berriak egin dizkio Frantziako Estatuari Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituna betetzearen inguruan. “Beste behin agerian geratu da Frantziako Estatuak ez dituela Nazio Batuetan onartutako gutxienekoak errespetatzen”, salatu du Baionan egindako agerraldi publiko batean Behatokiko zuzendaria den Paul Bilbaok.

Nazio Batuetako Erakundearen Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeak 2001ean egin zizkion gomendioak Estatuari. Oraingoan, berriz, Batzordearen 40. batzarrean gomendio berriak egin dizkiote: “Nazio Batuetatik aski garbi utzi dute, ezinbestekoa dela gure hizkuntzen aitortza ofiziala”, zehaztu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak.

Behatokiak zuzenean jarraitu du azken prozesua. Besteak beste, 2007an aurreko saioetan txostena aurkeztu zuen, eta 2008 apirilaren 28-30ean Batzordean bertan izan da, Genevan, Frantziako Estatuaren benetako jarrera batzordekideei helarazteko. “Frantziako Gobernuak bere politika eta jarrera justifikatzeko saiakera egin badu ere, Nazio Batuetako Eskubide Ekonomiko Sozial eta Kulturalen Batzordeak kasu handiago egin die gizarte-eragileok helarazitako datuei eta informazioei”, adierazi du Paul Bilbaok.

Batzordeak kezka agertzen du gutxiengoen aitortza ofizialik ezaren inguruan. Halaber, Batzordea ohartu da Estatuak ez duela nahiko ahalegin egin gutxiengoen edo eskualdeetako hizkuntzak babestu eta sustatzeko. Are gehiago, aitortza formalik ez izateak hiztunen kopuruaren gainbeherari lagundu egin diola uste du Batzordeak.

Gomendioak: ‘Berdintasuna’

NBEko Batzordeak berresten du ‘berdintasun’ printzipioa eta bereizkeria eragiteko debekua ez dela beti egokia giza eskubideen berme eraginkorra segurtatzeko. Hartara, gomendioa egiten dio Frantziako Konstituzioak gutxiengoen inguruan duen jarrera berrikusteko, eta ofizialki onar dezatela gutxiengoen taldeak edota kultura-aniztasuna bermatzeko beharra.

Gomendioen artean, Konstituzioan gutxiengoen edo eskualdeko hizkuntzen aitortza formalik ezari dagokionez, Estatuaren jarrera berrikus dezala eskatu dio Batzordeak.

Bukatzeko, Paul Bilabok 2008. urtea Hizkuntzen Nazioarteko Urtea dela gogorarazi du: “Ez al da, honez gero, une egokia iritsi berezko hizkuntzen arteko berdintasunari begira neurriak hartzeko?”.