Behatokiak eta UEMAk lankidetza hitzarmena sinatu dute
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur komunikabideen aurrean. Bi erakundeen xede nagusia hizkuntza-eskubideen babesean eragitea denez elkarlanean arituko direla izenpetu dute, “eraginkorragoak” izateko. Donostian egindako agerraldian Behatokiko zuzendari den Paul Bilbaok eta UEMAko lehendakaria den Jon Bollarrek parte hartu dute.


Behatokiko ordezkariak gizarte-eragileekin lankidetzan aritzeko garrantzia azpimarratu du: “urrats berriak eman nahi ditu beste gizarte-eragileekin lankidetza-hitzarmenak sustatzeko”. Bestetik, UEMAko lehendakariak Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak osatzen duten udalerriek konpromiso sendoa hartzen dutela azaldu du: “urrats praktikoak emango ditugu gehiagotan urraketarik gerta ez dadin, ez gure udaletan, ez gure udalerrietako herritarrei dagozkien gainerako erakundeetan”.

Hizkuntza-eskubideen diagnosia

Behatokiak berriki aurkeztu du hizkuntza-eskubideen diagnosia, 2007an herritarrek euskararen telefonoaren bidez egindako kexak eta zoriontzeen bidez urteko txostenean jaso duena. Bi elementuk kezkatu dute Behatokia diagnosian, progresibotasun-faltak eta eskubide-urraketen kopuru handiak. “Hala ere, badakigu euskaraz lan egiten duten administrazioek hamaika oztopo izaten dituztela eguneroko jardunean. Arrazoi horrengatik, administrazio horien esku ere jarri nahi dugu Euskararen telefonoa zerbitzua”, adierazi du Bilbaok.

Halaber, Behatokia ohartu da herritarrek gero eta kontzientzia handiagoa dutela hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean, “eta gure zerbitzua hurbildu nahi diegu herritarrei”. Herritarrek euskaraz bizitzeko duten eskubidea ez dute bermatuta eta egunero sortzen diren ezintasunak nabarmenak dira. “Are gehiago, euskaldunak ahalegin gehigarria egin behar du”. Behatokiak ahalegin gehigarri hori, ahalik eta txikiena izateko lan egingo du.
 
Udalerri Euskaldunetan konpromisoa

UEMA osatzen duten udalerrietan ahalegin berezia egingo da hizkuntza-eskubideen babesean (Bizkaian: Bermeo, Gatika, Muxika, Gizaburuaga, Arratzu, Ajangiz, Aulesti, Anboto, Mediatua, Mendexa, Etxebarria, Dima, Artea eta Zeanuri; Araban: Aramaio; Gipuzkoan: Azpeitia, Orio, Zarautz, Oiartzun, Zestoa, Aduna, Irura, Anoeta, Leaburu-Txarama, Altzo, Baliarrain, Ikaztegieta, Beizama, Elduain, Belauntza, Orexa, Lizartza, Orendain, Alegia, Itsasondo, Arama, Zaldibia, Gaintza, Ezkio-Itsaso, Mutriku, Getaria, Usurbil, Aizarnazabal eta Antzuola; Nafarroa: Leitza, Goizueta, Arantza, Etxarri-Aranatz, Urdiain, Arbizu, Zubieta eta Areso).

“Gure lana da urraketa horiei amaiera ematea eta dagokionari gehiagotan gerta ez daitezen proposamenak egitea”, argitu du UEMAko lehendakariak. Izan ere, urraketa guztiak dira salagarriak, baina UEMAko udalerrietan hauek gertatzen direnean larriagoak dira, herritarren gehiengoa baita diskriminatua, herritarren %70 baino gehiago baita diskriminatua.

“Madrilen gaztelania-hiztunaren eskubideak, Londresen ingeles-hiztunak dituenak Araman, Aramaion, Leitzan edo Bermeon euskal hiztunak horiek berak izatea. Eta argi dago egungo hizkuntza politikak Euskal Herrian ez dituela eskubide horiek bermatzen”, azaldu du Jon Bollarrek.

Bukatzeko, Behatokiak hurrengo hilabeteetan beste sektore eta eremu batzuetan ere lankidetza-hitzarmenak abian jarriko dituela iragarri du Behatokiko ordezkariak.