“Frantziako Gobernuari beste zartako bat eman diote Nazio Batuetatik”, gogorarazi dute Hizkuntz Eskubideen Behatokiko ordezkariek zabaldu berri den Gay McDougall adituaren txostenaren harira. Gay Macdougall, Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeko Gutxiengoen Aferetarako aditu independentea, 2007ko irailean Frantziako Estatura
egin zuen bisita, eta besteak beste, Behatokiarekin bildu zen Parisen. Orain, bisitaren ondorioak eta gomendioak jasotzen dituen txostena argitaratu du.

Behatokiko zuzendariak eta Iparraldeko ordezkariak prentsaurrekoa egin dute gaur Baionan beste behin egun nazioartean eskubide kolektiboen babeserako oinarrizko tresnen aurrean Frantziako Gobernuak beste jarrera bat izan behar duela gogorarazteko.
Behatokiak iaz helarazi zizkion kexa nagusiak jaso ditu Adituak: Euskarak pairatzen duen hiztunen galera, hizkuntzen arteko desoreka etab. “Aditua ohartu da txostenean Frantziako Estatuak gutxiengoen eskubide kolektiboei dagokienez dituen irizpideak, hartara, nazioarteko hitzarmenetan duen jarrera propio jaso du.”, azaldu du Behatokiko zuzendaria den Paul Bilbaok.
Bestetik, bileran bertan Behatokiak ohartarazi zuen ‘gutxiengoez’ aritzen direnean bi multzo bereizi behar direla. Berezko talde linguistikoak eta bestelako taldeak. Behatokiaren aburuz adituak ez du banaketa hori oso garbi uzten, eta askotan garrantzi handiagoa ematen die berezkoak ez diren taldeei. “Parisen bertan jakinarazi genion gurea bezalako hizkuntzek denbora gehiago daramatela ‘Frantziako Estatuan’ “.
Halere, Behatokiko ordezkariek egindako azterketaren arabera gomendio eta ondorioetan aditua ohartu da gutxiengoekiko diskriminazio larria dagoela . “Hala ere, ezin esan dezakegu gurea bezalako komunitateez ari den”, argitu du. Hori horrela izanik ere, adituak premia ikusi du Frantziak honako neurriak hartzeko:
• Gutxiengoen existentzia aitortzea.
• Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 27. artikuluko oharra kentzea.
• Europako Kontseiluko itunak...
• Hizkuntza-eskubideak sustatzeari begira ere Euroituna berresteko eskaera ere egiten dio Estatuari.
Era berean, oso elementu positibotzat hartu dugu Behatokiak egin zituen ekarpenak bere egitea, horrek erakusten du Behatokia bezalako erakundeek zer-nolako eragina izan dezaketen Nazio Batuen Erakundea bezalako instituzioetan. Honez gero, hainbatetan agindu gomendatu zaio Frantziako Estatuari gutxieneko konpromisoak har ditzan, eta orain arte ez die inolako jaramonik egin.
Hizkuntzen Nazioarteko Urtea
Behatokiak adituak egindako gomendioen berri emango die apirilaren amaieran Genevan Nazio Batuetako Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturaleko Batzordekideei Frantziako ebaluazioa egiten dutenean. Presio handiagoa eragiteko, hain zuzen ere.
Bukatzeko, Iparraldeko ordezkaria den Ione Josiék 20008. urtea Hizkuntzen Nazioarteko Urtea dela gogorarazi du: “Ez al da, honez gero, une egokia iritsi berezko hizkuntzen arteko berdintasunari begira neurriak hartzeko?”.