Umeak euskaraz erregistratzeko oztopoak eta debekuak Bi hilabete besterik ez dira igaro, Euskal Herrian lehenengo aldiz jaioberri bat euskaraz erregistratu zenetik, eta dagoeneko, epaileak hasi dira euren seme-alabak euskaraz erregistratu nahi dituzten gurasoei oztopoak jartzen. “Oztopoak eta debekuak ez ezik, baliogabetze-prozesuak ere abian jarri dituzte epaitegietan”, azaldu du Paul Bilbaok, Behatokiko zuzendariak.
2007ko abenduaren 19an Aretxabaletako Erregistro Zibilean egin zen euskarazko lehen erregistrotik hona, Euskal Herriko erregistro zibil ugaritan izan dira horretarako eskaerak. Izan ere, guraso askok jo zuten Behatokira informazio eske eta egoera honen aurrean, Behatokiak umeak euskaraz erregistratzeko kanpaina martxan jarri zuen. Eman beharreko urratsak azaltzen dituen dokumentua prestatzeaz gain, Behatokiak beharrezkoak diren formularioak ere eskuragarri jarri zituen. “Ez zen erraza izan eta lehen erregistroa egitea”, azaldu du Bilbaok.
Izan ere, Aretxabaletako Erregistro Zibilean liburu berezi bat zabaldu behar izan zuten jaiotza inskripzioa euskaraz burutzeko. “Arrazaoia: gaur egun EAEko Erregistroetako liburu ofizialak gaztelaniaz soilik daude, oraindik ez dago liburu ofizialik euskaraz”, zehaztu du Behatokiko zuzendariak.
Lehen erregistro honen ostean, euskarazko inskripzio gehiago izan ziren. Bilbon esaterako, egin dira jada euskarazko erregistroak. Behatokiak zuzenean kudeatu eta jarraitu dituen kasuei dagokienez, hamabi erregistro zibil baino gehiagotan egon dira eskaerak liburuak zabaltzeko: Tolosa, Santurtzi, Ajangiz, Gernika, Donostia, Ondarroa, Deba, Uharte-Arakil, Bilbo, Igorre etab.
Herritarrei oztopoak
Kasuren batean, eskaera egin eta hamazazpi egunera bidali dute itzulpen zerbitzura bi orriko dokumentua; Gernikan epaileak umea jaio ez delako espedientea zabalduko ez duela jakinarazi die guraso batzuei; Gernikako epaile berak beste eskaera bati erantzuna ere ez dio eman, eta post-it bat itsatsi dio eskaerari espedientea zabalduko ez duela jakinarazteko. “Hori al da epaileek herritarrei erantzun bat emateko bidea? Post-it baten bidez?”, galdetu du Paul Bilbaok gaurko agerraldian.
Donostiako Erregistroko Epaileak honez gero, debekatu ditu euskarazko inskripzioak, oraindik hori ebazteko arrazoirik zabaldu ez badu ere. Gurasoek helegiteko aukerarik ere ez zuten izan, laburra baita umea inskribatzeko epea. Are gehiago, Bilboko Erregistro Zibileko epaileak probidentzia helarazi dio umea euskaraz inskribatu zuen herritar bati, egindako inskripzioa zuzena ez dela eta gaztelaniazko liburuan egin behar duela jakinarazteko.
Legea herritarren alde, eta epaileak?
2007ko abuztuan Justizia Ministerioarekin harremanetan jarri zen Behatokia, euskarazko lehen erregistroaren prozedura medio eta 2008ko urtarrilean jaso du erantzuna: legearen arabera herritarren eskubidea da, baina moldaketak egin behar dira programa informatikoetan.
Eusko Jaurlaritzaren erantzunean euskararen jatorriaren inguruko azalpena jaso du Behatokiak. Antza denez, euskarak jatorri latinoa ez izatean, arazo gehiago sortu omen dira itzulpenetan, eta guztia prest egoteko hiru hilabeteko epea behar zutela adierazi zuten. 2007ko azaroaren 15ean jaso zuen Behatokiak erantzuna. “Hiru hilabete pasa dira jada eta euskarazko libururik ez, hortaz, Jaurlaritzak etxeko-lanak egin gabe eta are gehiago, euskaraz egin diren erregistroak baliogabetzeko prozesuak abiatu dituzte”, salatu du Bilbaok.
“Argi dago herritarrek hizkuntza-eskubideak bermatzeko jarrera aktiboa hartzen dutenean, deserosotasunak sortzen direla”, adierazi du Behatokiko zuzendariak. Nora Barroso bezalako herritarrak hain zuzen ere. Nora haurdun dago, euskalduna da eta bere haurra euskaraz erregistratu nahi du. Legeak eskubide hori aitortu arren, Oreretako erregistroan umea gazteleraz inskribatu beharko duela esan diote. Umea jaiotzear dago, baina Donostiako epaileak euskaraz erregistratzeko eskubidea ukatu dio. “Umeari esan beharko diot batzuen eta besteen utzikeriarengatik, legeak aitortzen zion eskubide bat urratu ziotela jaio bezain pronto”, azaldu du Norak.
“Ez dugu onartuko, hemendik eta hilabete batzuetara, Justizia sailak prentsaurreko dotore batean orain ukatzen ari zaigun eskubidea bermatuko dutela lorpena dela esatea”, azaldu du Paul Bilbaok. “Itzulpen baten zain egon behar al gara gure eskubideak bete daitezen?”, galderarekin bukatu dute Behatokiko ordezkariek agerraldia.