Euskaraz bozkatzeko aukera Lapurdi, Zuberoa eta Behe Nafarroan
Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean martxoaren 9an ospatuko diren Herriko etxeetako hauteskundeetan euskaraz bozkatzeko aukera izango dute herritarrek. Izan ere, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak egindako eskaerari erantzunez, Paubeko Pirinio Atlantikoetako Prefeturak ele bietan egongo diren bozka-paperak onartzea erabaki du. “Alderdi politikoen esku dago orain, bozka-paperak euskaraz ere egitea, beraz, haiei eskatu nahi diegu euskara aintzat har dezatela”, adierazi du Paul Bilbaok, Behatokiko zuzendariak.

Euskaraz bozkatzeko aukera izango duten lehenengo aldia izango da Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko herritarrentzat. Izan ere, aurreko hauteskundeetan Baionako suprefekturak ez zuen Behatokiak egindako eskaera onartu. Frantsesa Frantziako Errepublikako hizkuntza dela argudiatuz, “euskara hutsezko bozka-paperak legez kanpokoak izango zirela mehatxatu zuen”, azaldu du Bilbaok.

Oraingoan, Behatokiak berriz ere jo du administrazioetara, eta gogora ekarri die 2007ko maiatzaren 11n Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefetak eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak sinatutako dokumentua, herriko etxeetan euskararen erabilera sustatzea helburu zuena, hain zuzen ere.

Honen aurrean, Behatokiak Prefetari eskatu zion ele bietan inprimatutako bozka-paperak baliogabe ez jotzeko, baldin eta beste baldintza eta irizpide guztiak betetzen bazituzten, hala nola, kolorea, tamaina, etab. Paubeko Pirinio Atlantikoetako Prefeturaren erantzuna baiezkoa izan da oraingoan: bozka-paperak beste irizpide guztiak betetzen badituzte, euskaraz ere inprimatu ahal izango direla jakinarazi dio Prefetak Behatokiari.

Gauzak horrela, Behatokiak euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriak hartzeko eskaera egin die alderdi politikoei eta bozka-paperetan euskararen presentzia berma dezatela eskatu du.

Azkenik, Behatokiak jakinarazpenaren berri eman die Okzitaniako, Korsikako, Herrialde Katalanetako eta Bretainiako gizarte-erakundeei, eta honez gero, horietako zenbait, gestioak egiten hasiak dira beren hizkuntzan bozkatu ahal izateko.