Euskara berriz ere diskriminatua Nafarroako Hezkuntzaren azken lan-deialdian

Behatokiak Nafarroako Gobernuak Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Hizkuntza Ofizialetako Irakasleen kidegoetan sartzeko egindako lan deialdia kritikatu du. “Lanbide Heziketan lanpostua hartuko duten 33 irakasletatik 2 besterik ez dira elebidunak izango”, adierazi du Paul Bilbaok, Behatokiko zuzendariak.

 

Urtarrilaren 28an argitaratu zuen Nafarroako Gobernuak azken lan-deialdi hau eta guztira, 590 lanpostu aterako dira: 550 Bigarren Hezkuntzarako, 33 Lanbide Heziketarako eta 7 Hizkuntza-Eskoletarako. Bigarren Hezkuntzarako lanpostuetan     % 40,36k dute ezarrita euskararen derrigorrezko ezagutza, Lanbide Heziketako lanpostuetan, berriz, % 6,06k soilik.

 ‘Datu kezkagarriak’ direla azaldu du Bilbaok, kontuan hartu behar baita zein den gaur egun euskaraz eskaintzen den Lanbide Heziketaren egoera. Izan ere, Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunean, Nafarroako Gobernuak Lanbide Heziketako irakaskuntza euskaraz eskaintzeko eskakizunaren aurrean honako hau erantzun zuen: “Lanbide Heziketaren helburua ez da hizkuntzak irakastea, lanbide batean trebatzea baizik.” “Deialdi honetan, beraz, Nafarroako Gobernuak bere diskurtsoari eutsi dio eta argi dago euskarazko irakaskuntza bermatzeko neurririk ez duela hartu”, salatu du Paul Bilbaok.

 
Are gehiago, azken lan-deialdi honen diskriminazioa ez da bakarrik lanpostuei ezarritako euskara jakiteko derrigortasunean gertatu. “Deialdia bera diskriminatzailea da hautagai elebidunekiko”, azaldu du Bilbaok. Izan ere, zenbait irakaspostu euskaraz eta gaztelaniaz eskaini dira, baina, hautagai elebidunek, bi hizkuntzetan irakasteko gaitasuna izanik ere, ezin izango dute bietan parte-hartu.

 
2004an Nafarroako Gobernuak egindako antzeko deialdian gauza bera egin zuen eta bi hizkuntzetan aurkeztutako hautagaiek azken unean hautatu behar izan zuten, azterketa egun eta ordu berean jarri zutelako. Oraingoan, Nafarroako Gobernuak jauzi berria egin du eta deialdian bertan jaso du hori gerta daitekeela: “Espezialitate eta hizkuntza batean izena eman eta onartzeak ez dio izangaiari bermatuko eskatu dituen espezialitate eta hizkuntza guztietan parte hartu ahal izatea, ezartzen den hautapen-prozesuaren antolaketak ondorio hori baldin badakar”.

 
Oraingo honetan, beraz, Nafarroako Gobernuak espezialitate bereko bi azterketak egun eta ordu berean izango direla aurreikusi du eta “horrek ez luke horrela izan behar”, kritikatu dute Behatokiko ordezkariek. Orain dela bost urte, Nafarroako Auzitegiak berak ebatzi zuen euskararen ezagutza ezin dela langileak zigortzeko erabili. “Nafarroako Gobernuak langile elebidunak zokoratzeko nahi ditu horrelako deialdi bidez”, azaldu du Bilbaok. Horren guztiaren aurrean, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak deialdiari helegitea tarteratuko diola jakinarazi du, eta bide juridiko guztiak agortuko dituela bidegabekeria honi aurre egiteko.