Frantziako estatuak berriz ere itxi dizkio ateak euskarari

Frantziako Asanblada Nazionalak hizkuntza gutxiagotuei buruzko bi emendakin atzera bota ditu, Lisboako tratatua berresteari begira, aste honetan, Konstituzioa aldatzeko egindako saioetan. “Berriz ere zartakoa eman diote euskarari, eta gurea bezalako hizkuntza gutxiagotuei”, adierazi du Paul Bilbaok, Behatokiko zuzendariak. Izan ere, Frantziako zenbait diputatuk hizkuntza gutxiagotuen inguruko bi emendakin proposatu zituzten eta biek ala biek ez dute aurrera egin.

Bi emendakinak elkarrekin eztabaidatu zituzten astearte gauean. Lebranchu andreak eta beste 78 diputatuk aurkeztutakoak, Konstituzioaren bigarren artikulua aldatzeko eskatzen zuen, Frantziako ondare diren erregio hizkuntzen errespetua jasotzeko. Le Fur jaunak eta beste 48 diputatuk aurkeztutako emendakinean Konstituzioaren 53. artikuluari beste atal bat eranstea proposatzen zuten, hain zuzen ere, Errepublikak Euroituna berretsi ahal izateko ahalmena izateko.

 
Behatokiko zuzendariaren iritziz, bi emendakinek gutxienekoak asetzeko besterik ez dute balio, izan ere, “Le Fur jaunak berak bileran esan zuen Euroituna oso modu lausoan berretsi ahal dela”, adierazi du Bilbaok. Halaber “inork ez du gogorarazi Nazio Batuetako Eskubide Sozial eta Ekonomikoen Batzordeak gomendioak egin zizkiola Estatuari neurriak har zitzan”, gaineratu du.

 
Hainbat diputatuk eztabaida hau saihestu nahi izan dute gaiarekin loturarik ez zuelakoan, eta atzeratu beharreko gaia dela berretsi dute. Bilbaok gogorarazi du 2005eko urtarrilaren 14an ere antzeko emendakinak tarteratu zirela eta orduan ere une desegokia zela adierazi zutela: “Noiz izango da Frantziako Asanbladarentzat une egokia bertako errealitate linguistikoaz edota herritarren arteko berdintasunaz hitz egiteko?,” galdetu du Bilbaok. “Nazio Batuen Erakundeak 2008. urtea Hizkuntzen Nazioarteko Urtea izendatu du, ez ote da orain, hizkuntza gutxituen gaia jorratzeko une egokia Urvoas diputatuak adierazi zuen bezala?”, gaineratu du Bilbaok.

 
Astearteko bileran hainbat diputatuk izandako jarrera ere gogorki kritikatu du Behatokiak. “Ez dago ulertzerik zer-nolako urduritasuna, lotsagabekeria eta ezjakintasuna agertu duten hainbatek”.  Lequiller diputatuaren arabera, esaterako, Euroituna berresteko aukera onartzea hantustea (cavalier) litzateke. Are gehiago, Myard diputatuak ez zuen onartu nahi izan EBn Frantzia eta Italia direla Euroituna berretsi ez duten estatuak.

 
Hala ere Behatokiko zuzendariaren arabera “oso argi geratu da Frantziako Asanblada ohartu dela gaiari behar bezala eutsi behar zaiola”, hori izan baita parte hartu duten diputatu gehienen iritzia. “Frantziako hizkuntza gutxiagotuen afera ezin da gehiago luzatu eta irtenbide juridiko-administratiboa eman behar zaio lehenik”, erantsi du Bilbaok. Azkenik, zuzendariak gogorarazi du asteartean izandako bilerari buruzko txostena prestatuko duela 2008ko maiatzean Nazio Batuetan Frantziako Estatuaren ebaluazioan aurkezteko.