Euskaraz erregistratutako lehenengo umea

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak agerraldia egin du Gasteizen, lehen aldiz Euskal Herrian ume bat euskaraz erregistratzea lortu dutelako gurasoek. “Berri pozgarria dela pentsa bagenezake ere, gogorki kritikatu nahi dugu gure hizkuntzari ofizialtasuna aitortu eta 20 urtez itxaron behar izana, eta gainera, tarteratutako hainbat eskari eta helegiteren ondorioz lortu beharra”, adierazi du Paul Bilbaok.

 
Izan ere, abuztuaren 8an hasi ziren Behatokia eta umearen gurasoak lehen urratsak ematen jaiotza-inskripzioa euskaraz egin ahal izateko. Behatokiak birritan igorri die informazioa, bai eta epaileek Behatokiaren eskaerei emandako erantzunak ere, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Kultura eta Hizkuntza-politikarako arduradunei zein Espainiako Justizia Ministroari edo Espainiako Administrazioak EAEn duen Gobernu Ordezkariari. “Azkenean guk geuk aurkitu behar izan dugu irtenbidea”, adierazi du Bilbaok.

 
Behatokiko zuzendariak azaldu duenez, zenbait administraziok erantzun ere ez diete egin eskaerei. Justizia sailak esaterako, egoera honi irtenbidea ematerik ez dagoela azaldu du eta etorkizunerako bideak jartzen hasiak direla erantzun dute. “Egiaztatu dugun bezala, borondatea besterik ez zen behar, eta nahiago izan dute elkarren arteko eskuduntzen inguruko eztabaida antzuari ekin, egoerari irtenbidea ematea baino.”

 

Unai Iturriotz Behatokiko aholkulari eta euskaraz erregistratutako lehenengo umearen gurasoak adierazi duenez “pozgarria da gure semearen jaiotza euskaraz erregistratu ahal izana, baina inskripzioa ez da guk nahiko genukeen moduan egin ahal izan”. Aretxabaletako Erregistro Zibilean liburu berezi bat zabaldu behar izan dute jaiotza inskripzioa euskaraz burutzeko. Izan ere, gaur egun EAEko Erregistroetako liburu ofizialak gaztelaniaz daude soilik, eta oraindik ez dago liburu ofizialik euskaraz. Honela, Erregistro Zibileko arduradunak jaiotza-inskripzioa euskaraz egiteko liburu berezi bat zabaltzea agindu du, ofizialen balio eta eraginkortasun juridiko berdina duena. Halaber, Iturriotzek gogora ekarri du hainbat eskari eta helegite tarteratu behar izan dituztela: “Umea jaio baino bost hilabete lehenago hasi ginen Behatokiarekin batera eskariak eta gestioak egiten, hortaz, argi dago hizkuntza ofizial bat edo bestea aukeratzeak baduela eragina” gaineratu du.

 
Azkenik, Iturriotzek jaio berrien gurasoak animatu ditu haiek zabaldu eta hartutako bideari jarraitzeko, eta seme-alaben jaiotza euskaraz inskribatzeko eskaerak egiteko: “Guraso berri guztiei Behatokira jo dezatela eskatzen diegu, euskaraz erregistratu ahal izateko prozeduraren berri lortu eta Erregistro Zibil guztietan inskripzioak euskaraz egiteko Liburuak eskura jar daitezen.”