Behatokiak Iparraldeko hizkuntza-eskubideen egoera helarazi dio NBEko adituari

Behatokiko ordezkariak Pariseko UNESCOn izan dira Nazio Batuetako Gutxiengoen aferetako aditua den Gay McDougall andrearekin. Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak, Paul Bilbaok, Ipar Euskal Herriko euskararen egoeraren berri jakinarazi dio adituari. Bilera horren bidez, McDougallek egiten duen lanean euskarak Iparraldean pairatu behar duena jasotzea nahi dute ordezkariek.

Gay McDougall andrea bisita egiten ari da Frantziako Estatuan gutxiengoen aferari buruzko landa-azterketa burutzeko. Izan ere, Nazio Batuetako ordezkariak 2006an txostena prestatu zuen gutxiengoen egoeraren inguruan eta bertan hainbat elementu kezkagarri agertu zituen. Batetik, adituaren arabera, gutxiengoen eskubideen aldeko jarrera ez da mugatzen diskriminazioaren aurkako neurriak harturik, norberaren identitatea sustatzeko eta iraunarazteko aferei erantzun behar die. Horren harira, Behatokiko zuzendariak gogorarazi dio Frantziako Estatuak oharra egin zuela Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 27. artikuluan bere lurraldean ez betetzeko;  izan ere, haren ustez Estatuan ez dago gutxiengorik.

Horrekin batera, Frantziako Gobernuak nazioarteko erakundeekin erakutsitako axolagabekeria onartezina dela agertu du Behatokiko zuzendariak: “Ez dago onartzerik NBEko zenbait Batzordetatik gomendioak luzatu eta horiei muzin egitea” Era berean, Behatokiak maiatzean antzeko salaketa egin zuela gogorarazi dute, Nazio Batuetako Genevako egoitzan. “Ezin egon gaitezke behin eta berriro nazioarteko gutxienekoak kontuan har ditzala eskatzen; honez gero, bestelako neurriak hartu beharko lirateke Frantziako Estatuaren politikaren aurrean”, gaineratu du Paul Bilbaok.

Behatokiko ordezkariak iparraldeko egoeraren larritasuna helarazi nahi izan dio adituari: “Gure hizkuntzak ez du inolako estatusik, eta Gobernuak behin eta berriro esaten du Errepublikako hizkuntza bakarra frantsesa dela”. Horri loturik, Behatokiko ordezkariek iparraldean izan diren hainbat gertaera eta diskriminazio larriren berri eman diote NBEko ordezkariari: epaiketetan gertatutakoak, SNCF zein La Posté erakundeen jarrerak etab.

Behatokiko ordezkarien arabera, adituak interes handia erakutsi du Gobernuz Kanpoko Erakundeek helarazitako informazioarekin. Bere lanean erakunde horien iritzia arras garrantzitsua dela azaldu du. Halaber, txostena udaberrirako prest egotea nahi duela adierazi du.

Behatokiarekin batera, Nazio Batuetako adituak beste hizkuntza batzuetako ordezkariak hartu ditu, Conseil Culturel de Bretagne eta l'Institut d'Etudes Occitanes, besteak beste. Halaber, McDougallek bilera gehiago izango ditu Frantziako Estatuan katalanekin eta altsaziarrekin.