Euskararen, Katalanaren eta Galegoaren Behatokiak Europako Adituekin bildu dira

Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren izan dute hizpide gaur Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko hizkuntza-eskubideen Behatokiek. Europako adituekin bildu dira itunaren bigarren ebaluazioaz hitz egiteko. Hiru erakundeek bileren balorazioa plazaratu dute agerraldi bateratu batean. Zehazki,  Euskal Herriko Hizkuntz Eskubideen Behatokiko Paul Bilbao, Observatori de la Llengua Catalanako Miquel Strubell i Trueta eta Observatorio de Dereitos Lingüísticos-eko Carlos Callón izan dira. “Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak ez ditu Euroitunaren gomendioak bete”, salatu du euskararen Behatokiko arduradunak.


Euroituna Espainiak berretsitako Europako Kontseiluaren nazioarteko ituna da, eta 2001eko abuztutik dago indarrean. Europako Kontseiluaren ustetan beharrezkoa da Espainian hizkuntza trantsizioa gertatzea: indarrean dagoen gaztelaniazko elebakartasunaren nagusitasunean oinarritzen den eredutik eredu eleanitzera.

2005ean Ministroen Kontseiluak bi gomendio egin zituen bi eremutan, administrazioan periferikoa eta justiziaren inguruan. Galiziar, katalan eta euskal hiztunen hizkuntza-eskubideak bermatzeko lan egiten duten erakundetako arduradunek salaketa publiko bateratua egin dute:: “Ez dute inolako neurririk hartu horiek betetzeko; aitzitik, Espainiako Estatuko Administrazio periferikoak eutsi egin dio hizkuntza-eskubideen urraketari, eta justizia administrazioa benetako beltzune bihurtu da azken bi urteotan”. Horren harira, Euskal Herriko Behatokiko zuzendaria den Paul Bilbaok gogoratu egin du iaz gertatutako afera larria: “euskaldun bati sei hilabeteko zigorraldia ezarri zitzaiola lekukotza euskaraz eman nahi izateagatik”.

Nafarroa

Hego Euskal Herriari dagokionez, Paul Bilbaok eskaera zuzena egin die adituei, hain zuzen ere, Estatuak Euroitunaren gainean egindako interpretazioa ez onartzeko eta Itun horren benetako izaerari eusteko. Ildo honetatik, ezinbestekotzat jo du Itunaren III. Partea -(konpromiso zehatzak eskatzen dituena: justizia, hedabideak, hezkuntza...- legeak Nafarroan ezarritako eremu mistoan eta ez-euskaldunean aplikatu behar dela. “Ez dago ulertzerik gutxiengoen hizkuntzen aldeko ituna dela esan, eta ordenamendu juridikoa oztopoa den guneetan ituna ez aplikatzea”. Izan ere, III partea Nafarroa osoan aplikatzen ez bada, Euroitunak ez du zentzurik, baldin eta egoera gutxiagotuan dauden hizkuntzen babeserako tresna bada. 

Euskal Autonomi Erkidegoa

EAEko administrazioei dagokienez, txostenak berak jaso dituen gabeziak bere egin ditu Behatokiak. Hartara, Behatokiak onartu du EAEn ezarrita dagoen ofizialtasunak eskubideak aitortzen dizkiela herritarrei eta, hortaz, Euroitunaren filosofiarekin bat egiten dutela. Hala ere, eguneroko errealitatea oso desberdina dela erakutsi diete Behatokiko ordezkariek Adituei. Horrela, legeak eskubideak aitortu arren urraketak egunerokoak direla eta horiei buruzko hainbat datu eta bizipen helarazi die Behatokiak. Era berean, Behatokiak berretsi du Estatuko txostenak agertutakoa, alegia, Ertzaintza eta Osakidetzan oraindik atzean geratu direla Euroitunaren konpromisoak betetzeko orduan.

Behatokiak prestatutako txostenean euskalgintzako hainbat elkartek hartu dute parte eta behin-betikoa bidali aurretik horren aurkezpena egingo diote gizarteari adituen oharrak jaso ostean, eta  ondoren adituei emango die.

Adituen galdera

Bileran Europako Adituek Behatokiko ordezkariei ea Estatuak kontsultarik egin dien gomendioen betetzeari buruz edota bigarren txostena prestatzean kontuan hartu dituen haien iritziak. Behatokiko ordezkariek adierazi diete Estatuak ez duela inolako harremanik izan, ez gomendioen betetzean ez eta txostena egiteko ere.

 



Dokumentua Irakurri ]